HISTORIA,
CURIOSIDAD
Y EL MAR

HISTORIA

GURE HISTORIA
Europako lehen museo ozeanografikoetako bat.
 
AQUARIUM

MUSEOA
100 urtetik gorako historia.
 
 
 
 AQUARIUM

AKUARIOAK
Aquariuma bisitatzea baino plan hoberik ez dago!.
 
AQUARIUM

ARRAINAK BAINO ASKOZ GEHIAGO
Ezagutu gure ikerketako, kontserbazioko eta dibulgazioko proiektuak.
AQUARIUM

BILDUMAK ETA LIBURUTEGIA
Kontsultatu gure ondare- eta bibliografia-funtsa.
 

AQUARIUM

JARRI GUREKIN HARREMANETAN
Informazio gehiago nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan.
AQUARIUM

HISTORIA

GIPUZKOAKO OZEANOGRAFIA ELKARTEAREN 100 URTEEN KRONOLOGIA

1908ko irailaren 19an eratu zen Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea. Elkartearen helburua zen ozeanografia garatzea eta sendotzea –hazten ari zen diziplina zientifiko bat zen– eta itsaspeko topografia, meteorologia, korronteak, itsas biologia eta abar aztertzea. Horrez gain, arrantza hobetzea eta, hartara, arrantzaleen eta nabigatzaileen bizimodua hobetzea zuen helburu.

Eratze estatutuen arabera, zientzia ozeanografikoari garatzen eta aurrera egiten laguntzeko sortu zen Elkartea. Haren diziplinetako batzuen ondoriozko ezagutzak garrantzi handia zuten gure gizarteko zenbait esparrutan aplikatzeko, hala nola arrantzan, itsasketan eta abar. Hasiera batean, gutxienez, bertako kostaldeko itsasora mugatu zuen ekintza-eremua, haren izenarekin bat eginik.

1910eko urtarrilaren 20an zabaldu zen modu ofizialean laborategia. Bertan itsasoan bildutako datuak aztertzen ziren eta itsasoko aleak tratatzen ziren, behar bezala kontserbatzeko. Urteekin, ozeanografiaren eta itsas biologiaren beste arlo batzuetara ere zabaldu zuen ikerketa-eremua.

Urtebete geroago, 1911n, erabaki zen hiruhileko buletin bat argitaratzea Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen organo gisa. Espainiako estatuan egiten zen ezaugarri horietako lehena izan zen, eta helburu nagusia zuen ezagutza ozeanografiko eta meteorologiko modernoa dibulgatzea, baita arrantzako eta arrainak birpopulatzeko ezagutza dibulgatzea ere. 1923ra arte aldian-aldian argitaratu zen. Hortik aurrera, Elkartea erabat murgildu zen Aquariuma – Itsas Jauregia eraikitzeko ahaleginean, eta lan monografiko jakin batzuk soilik eman ziren argitara.

1912ko urtarrilaren 9an ireki zen Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen Arrantza Eskola Donostiako portuko San Pedro elizaren eskola-aretoan. Espainia osoan ez zegoen horrelakorik.

Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak parte hartze aktiboa izan zuen 1913ko Ozeanografia, Itsasketa eta Historia Erakusketaren antolamenduan. Erakusketa horretan kalitate handiko zenbait pieza bildu zen, eta itsasoko eta historiako lehen azterketak sustatu ziren. Elkartearen barruan garrantzi handiko beste bi ideia piztu zituen erakusketak: 1522. urtean Elkanok munduari emandako lehen biraren laugarren urteurrena ospatzea eta Euskal Itsasketaren Historiaren Museoa sortzea.

1915ean, ozeanografo gazte eta bikain bat sartu zen laborategian, Fernando de Buen, Espainiako Ozeanografia Institutuko zuzendari Odón de Buen izen handiko naturalistaren semea. Aita eta bi semeak, Fernando eta Rafael, dira Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen buletinean argitara emandako ozeanografia fisikoari eta kimikoari eta itsas biologiari buruzko artikulu gehienen egileak. Hainbat urte iraun zuen buletin horren zuzendari ere izan zen Fernando.

1925eko irailaren 22an jarri zen ofizialtasunez eta hotsandiz Itsas Jauregiko lehen harria. Lekua bikaina zen itsasoko ur garbi eta biziaz zuzkitzeko, baina arreta handia eskatzen zuen harrian bertan kokatzeagatik eta fenomeno atmosferiko bortitzenen eraginpean egoteagatik. 1928ko urriaren 1ean modu ofizialean zabaldu zituen ateak Itsas Jauregiak – Aquariumak, Alfonso XIII.aren eta Victoria Eugeniaren bisitaldiarekin. Vicente Laffitte jaunak egin zien harrera jauregiaren atean. Vicente Laffitte Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen presidente izan zen 25 urtez, eta ezinbesteko pertsona ehun urte bete dituen erakunde honen historia ulertzeko.

Elkartea 1947. urtean hasi zen itsasoko tenperatura egunero hartzen. XXI. mendearen hasiera honetan, klima-aldaketa eguneroko mintzagaia denean, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak du Euskadiko itsas tenperaturen erregistrorik osatuena.

Hainbat hamarkada pasa, eta Donostiako Aquariuma leku enblematikoa eta oso maitea bihurtu zen donostiar eta gipuzkoar guztientzat. Urte horietan guztietan hamaika gorabehera izan zen; alabaina, 1998. urtean amaitutako zabaltze-lanek errotik aldatu zuten aquariumaren norabidea, eta erreferente bihurtu zuten toki mailan zein nazioan eta nazioartean. Izan ere, obra horietan eraiki ziren 360º-ko tunela eta fauna atlantikoari eta tropikalari eskainitako akuario gehiago.

Erreforma-proiektu horren azken faseari 2008an eman zitzaion amaiera. Fase horren eraginpean izan ziren natur zientzietako, erakusketa-aretoetako eta antzinako aquariumeko eremua. Eraikinaren egitura sendotu zen eta portutik bertatik beste sarbide bat zabaldu zen, aurreko oztopo arkitektonikoak saihestuta. Era berean, denda lekuz aldatu zen eta igogailu bat eraiki zen portua eta Pasealekua lotzeko. Igogailu horrek, beraz, Urgull mendiaren itzulia egiteko askorentzat oztopo zen desnibela gainditzen du, eta, hartara, orain pertsona horiek itzulia egiteko aukera dute.

Agerikoa da Aquariuma aisialdi-erakargarritasun handiko elementua izan zela eta dela, baina Aquariuma museoa ere bada, museo bizia, etxean sar daitekeen itsasoaren (eta ibaiaren) zatia, irizpide museografikoekin eta zientifikoekin planteatua eta programatua. Eraikin berrian laborategi kimiko bat eta hiru laborategi biologiko barnean hartzeak agerian uzten du Aquariumaren zorroztasuna eta seriotasuna, jendeak gero akuarioetan antzeman dezakeena.

Biak batera, hau da, museoak eta aquariumak –bakoitza bere baliabideekin eta aukerekin– itsas bizitzaren alderdi guztiak biltzeko eta antolatzeko asmoa dute, baita asmo didaktikoa ere. Biek batera lortu nahi dute bisitariek ikastea, gozatzea, inguruan dugun ondare natural eta kultural paregabearen jakitun izatea, ondare horren balioaz eta hauskortasunaz jabetzea, eta hurrengo belaunaldiei transmititzearen garrantziaz ohartzea.

2002ko azaroaren 21ean, Elkartearen Batzar Nagusiak erakunde paralelo bat eratzea onartu zuen, GIPUZKOAKO OZEANOGRAFIA FUNDAZIOA, eta une horretatik aurrera erakunde horrek kudeatzen du Elkartea sortu zenetik metatutako ondare handia. Interes orokorreko eta irabazi asmorik gabeko irudi juridiko bat da, kudeaketa errazten eta sinpleagotzen duena eta baliabideen gaineko kontrola areagotzen duena. Jauzi kualitatiboa da, agerian uzten duena garrantzi sozialaren, kulturalaren eta ekonomikoaren garrantzia (lehen mailako eragile turistikoa den aldetik), baina ez berez Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearena, baizik eta haren ondare nagusiarena, Itsas Jauregian kokatzen diren museoarena eta aquariumarena.

2006an Donostiako Aquariumak Europako Atlantikoaren esparruko beste ekimen bat jarri zuen abian, Itsas Biologiako Masterra, Southamptoneko Unibertsitatearekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU), Bordeleko Unibertsitatearekin, Liejako Unibertsitatearekin eta AZTI-Tecnaliarekin elkarlanean.

Ehun urteotan gauza asko gertatu da, mundua oso bestelakoa da, Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea eta haren ondorengoa den Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioa oso bestelakoak dira, Gipuzkoako gizartea oso desberdina da… Duela ehun urte baino hobea da, itsasoari dagokion guztian bederen. Eta horretan zeresan handia izan du Aquariumak egindako lanak, itsasoa gure bizitzaren parte izatearen alde egin duen eta egiten ari den lanak hain zuzen ere; horixe da bereizgarri egiten gaituen ezaugarri nagusietako bat.